domingo, 17 de febrero de 2008

ETXEBIZITZA

Etxebizitza oinarrizko eskubide izan arren azken urteotan gutxi batzuentzat pribilegio bihurtu da. Etxebizitzaren prezioak izan duen gorakada, soldatak izan duenarekin alderatuta ikaragarria izan da. Horrela, gazteon eros ahalmenak behera egin du etxebizitza duin bat lortzeko aukera murriztuz.

Eskubide honen kontura ekimen pribatu ezberdinek, enpresa eraikitzaileak, etxebizitza sustatzaileak, banketxeak...itzelezko etekinak lortzen dituzte espekulazioaren menpe gelditzen delarik. Beraz, hau guztia kontuan hartuta, gazteoi etorkizuna modu duin batean eraikitzea ukatzen zaigu.

Instituzioei dagokionez proiektu ezberdinak bideratu dira arazoaren maila jaitsiarazteko asmoz, baina ez konponbidea lortzeko asmoz. Agintariek partxeak jartzen dituzte beraiek egindako zuloan, hala nola, babes ofizialeko etxebizitzak.

Etxebizitza horiek salneurri finkoa dute eta alokatzen direnean errenta bat jartzen da norberaren gaitasunaren arabera. Errealitatea, ordea, guztiz kontrajartzen zaio. Horrez gain, etxebizitza hauen kopurua mugatua da eta zozketa baten bitartez banantzen dira. Eta haurrek eskolara joan ahal izateko zozketa bat jasango balute?

Hori bera da etxebizitzaren arloan gertatzen ari dena, gaitasun ekonomiko berdina duten pertsonek eskubide ezberdinez goza dezakete. Nahiz eta agintariak lasai geratu partxe hauek jarriz populazioaren portzentai oso txiki bat soilik hobetu da egoera.
Hori dela eta hurrengo puntuak kontu hartu behar dira:
Zozketa ez dator bat eskubideekin.
Mota honetako etxebizitza eskuratzeko behar besteko diru iturririk ez duen jendea dago. Kasu gehienetan gazteak.
Prezioa ez da pertsonaren diru sarrerara egokitzen.

Bestalde, etxebizitza tasatuak ditugu, hauek BOEn (VPO) aldean gizartearen zati handiago bateri eragiten dio. Hala ere, ez ditugu konponbide moduan ikusten arrazoi desberdinengatik.
Nahiz eta kopurua handiagoan zozketa izaten jarraitzen du.
Antzeko diru sarrerak dituzten pertsonen artean parekotasun bat lortzen da ordaindu beharreko kopuruan. Hala ere, jende askok ez du eskuragarri izango arazo ekonomikoengatik, prezioa ez baitoa bat bakoitzaren diru sarrerarekin.

Nahiz eta etxebizitza mota bi hauek sustatu gizartearen osotasunean egoera ez da aldatu, ezta aldatuko ere.

ALOKAIRUA

Euskal Herrian ez dago alokairuan bizitzeko ohiturarik. Etxe baten alkilerra gertuegi dago hipoteka baten letretatik, horregatik gazteriak etxea erostera jotzen du. Ohitura gutxi dagoenez zaila izaten zaigu etxe bat alokairuan aurkitzea, izan ere, etxebizitzen %10 bakarrik dago alkilerrean. Horrez gain bertatik noiz botako gaituzten beldur gara, ezin dugu gure bizimodua toki baten finkatu. Gainera, alokairuan jarritako etxe gehienek ez dituzte bizitzeko ezinbestekoak diren baldintza minimoak betetzen, hala nola, ur beroa, berogailua...

Konponbidea nahiko zaila dirudi, ezinezkoa jabetza pribatutik baina posiblea alokairuaren ikuspuntutik. Hau da, alkiler sozialeko etxebizitzen eraikuntzarekin eta hutsik dauden etxeak alokairuan jarriz, administrazio publikoa guztiaren kargu eginez, ez genukeen oztoporik izango etxebizitza bat eskuratzeko. Etxe hutsei dagokionez, kopurua izugarria da eta onartezina da hauen erabilpen eza. Gizartean ohitura sortu behar da, alkilerrak suposatzen dituen abantaila ugariak ezagutaraziz eta behar soziala agerian utziz. Tamalez batzuetan horrelako neurriak ez dira aski izaten eta jabeei presioa sartzeari ekin beharko litzateke, inpostuen igoera besteak beste.

Alokairua segurtasuna bermatzen duen kontratua izan behar du, non, errentariari etxea epe jakin baterako ziurtatzen zaion. Are gehiago, errentariak bertatik alde egin behar izatekotan beste etxebizitza bat ziurtatu behar zaio bestea utzi bezain laster. Gainera etxe horrek egokitasuna gorde behar du baldintza minimoak betez. Azkenik, prezioa pertsonaren diru sarreraren araberakoa izan behar du.

Alokairua bultzatzeak arazo guzti honi konponbidea ekarriko lioke, baldin eta alkirren horrek aurrez aipaturiko puntuak betetzen baditu. Era honetara, gizartearen beharrak aseko lirateke.
Badakigu oraindik ere bide luzea daukagula aurretik, gauzak ez direla goizetik gauera aldatuko. Horregatik, alkiler sozialaren lortze horretan BOE eta tasatuen erabilpena sasi-irtenbide bat litzateke baldin eta aipaturiko helburua lortzeko tresna moduan erabiltzen dan.